Sareren dinamika berriak, orain artekoei jarraipena emanez, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen afera behingoz konpontzea du jomuga, indarkeria guztien biktima guztientzat beharrezkoa den errespetua, babesa eta elkartasunaren beharra aldarrikatuz. Manifestuak jasotzen duen bezala, urrats esanguratsuak egin badira ere euskal presoen bakartze eta urruntze politikari dagokionez, "salbuespenak giltzarrapo izaten jarraitzen du". Espetxeetako tratamendu batzordeen eta Eusko Jaurlaritzaren irizpideek talka egiten dute. Hark onartutako gradu progresioen %75i helegiteak ezartzen dizkie fiskaltzak, preso askok espetxera eta bigarren gradura itzularaziz. Etxerako ateek itxita jarraitzen dute, eta, oraindik ere, iraganaren ateak behin betiko ixteko oztopo ugari ere.
Edonola ere, giltzek ateak irekitzeko ere balio dute. Aspalditik eta esparru ezberdinetan eginiko mobilizazioek eta aldarrikapenek agerian utzi dute jendartearen borondatea elkarbizitzaren ateak irekitzeko. Bizi izan dugun urteetako konfrontazioaren aurrean, etorkizunaren ateak irekitzeko nahia aldarrikatu dugu, presoen etxerako atea zabalduko du(t)en giltza(k) eskuratuz, "elkarbizitza oinarri izango duen etorkizuna" eraikitzeko.
Giltza ugari eskuan hartuta eta orain arte elkarrekin eginiko etxerako bidea ibiliaz, Bilboko kaleak betetzeko deia luzatu zaigu Sare Herritarren eskutik, elkarbizitzaren, etorkizunaren eta etxerako ateak lehenbailehen ireki daitezen.