Mobilizazioak izandako arrakastak erakusten digu urte luzez aldarrikatzen ari garen salbuespen neurrien amaiera eta indarkeria biktima guztienganako errespetua dela herri honen nahia.
Izan ere, ia 35 urte luze igaro dira urruntze-politika indarrean jarri zutenetik, gizartean sufrimendua besterik eragin ez duen mendeku-politika. Oraindik ere, lautik ia hiru presok bete dute legediak eskatzen duen espetxealdia hirugarren gradua proposatzeko. Kolektiboko 17 presok gaixotasun larri edo sendaezinak dituzte, eta badira 20 urte eta 30 urte baino gehiago daramatzatenak espetxean.
Urte luze hauetan geziek erakutsi digute bidea. Ikur berriaren geziak, berriz, aro berri baten erakusle dira, Etxera bidea gertu mezua egia bihurtzen hasteko, etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen-neurriei amaiera emateko eta etxerako bidea legeak dioenaren arabera gauza dadin unea delako.