Etxera bidea gertu!

Hori baita euskal presoen eskubideen alde lanean dihardugunon eta herritar gehiengoaren nahia. Izan ere, lau urte bete dira dagoeneko Espainiako Gobernuak adierazi zuela salbuespeneko espetxe-politika baztertu eta espetxe-politika arrunta ezarriko zuela.

Ekainaren 18an, 48 hilabete beteko dira euskal presoen eta haien senideen artean itxaropena sortu zuten adierazpenok egin zirela eta hori betetzeko konpromisoa hartu zela.

Datuek bestelako egoera bat adierazten digute. Oraindik ere, euskal presoen %46 Espainiako eta Frantziako espetxeetan daude, egungo preso kolektiboaren ia erdia. Horri gehitu behar zaio azken bi hilabete hauetan ez dela hurbilketa bat bera ere egin. Gradu-progresioari dagokionez, presoen ia guztiak lehen gradutik bigarrenera pasatu badira ere, bigarren gradutik hirugarrenera pasatu direnak 21 preso besterik ez da, 60 presok horretarako baldintzak betetzen dituzten arren. Datu hauek erakusten digute euskal presoen eta haien senideen eskubideak urratzen jarraitzen dutela eta espetxe-araudia betetzea salbuespen bat dela.

Bidea egiten jarraitu behar dugu, elkarrekin, bizikidetzaren eta bakearen alde, euskal preso guztiak etxera bidean jartzearen alde. Bide horretan, ekimen ugari antolatu ditugu Saretik ate joka dugun udari begira, Izan Bidea dinamikaren baitan urratsak egiten jarraitzeko. Batetik, aurten bai, bosgarren bizikleta martxa antolatu dugu, hiru etapatan banatuta eta Euskal Herriko txoko ezberdinetatik igaroaz. Bestalde, hiriburuetako jaietan, Iruñeko, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko kaleak hartuko ditugu. Ekimen guztien zikloari amaiera emango diogu urriaren 8an, Donostian, mobilizazio handi bat eginez. Etxera bidea gertu lelopean eta egun osoko egitarauaz gozatuz, gure nahia egi bihurtzeko urrats sendoak egin nahi ditugu zurekin. Izan zu zeu ere bidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak