Bidean gaudela esaten dugu, bizikidetzaren eta bakearen bidea urratsez urrats elkarrekin egiten ari garelako. Euskal presoei aplikatzen zaien eta beraien eskubide-urraketak eragiten dituen salbuespen-legeria bertan behera gera dadin eta espetxe-politikan erabateko aldaketa eskatuz ari gara bidea egiten. Sarek gogorarazten digun bezala, gaur-gaurkoz, 104 preso daude oraindik Euskal Herritik urrun, haien eta haien familien eskubideak zeharo urratuz. Preso dauden %90i espetxe-baimenak ukatzen zaizkie, ezarritako zigorraren dagokien zatia beteta izan arren. Hamar preso baino ez dira hirugarren graduan daudenak; egoera horretan 70 presok egon beharko lukete, eta horietatik 52k baldintzapeko askatasunean egoteko eskubidea izanda ere. Gainera, hirugarren gradura igarotako presoak behartzen ari dira espetxera eta bigarren gradura itzultzera.
Datu esanguratsuak dira horiek, euskal presoek bizi duten egoeraren adibide batzuk baino ez badira ere. Egoera irauli beharrean gaude, bakearen zein elkarbizitzaren bidean urriaren 23an Donostian egindako urrats sendoari segida emanez. Konfrontazioa alde batera utziz, sufrimendua desagerrarazi eta eskubide urraketa behin betiko amaitzea nahi dugun guztiok bidean elkar gaitezen. Izan gaitezen, bada, guztiok bidea.