Korapiloak askatuz!

Elgoibar eta Oñati herriak lotu genituen Debagoieneko Sarekideen artean antolatutako bizikleta martxan. Ezer ospatzekorik ez, baina giro ederrean igaro genuen ibilaldia, Elgoibarren hasi, Bergaran geldialditxo bat egin eta Oñatin azken ekitalditxo baten bidez amaiera emanez.

Herritar ugari bildu ginen, adin eta sentsibilitate askotariko herritarrak.

Guztiok, Sebas Etxaniz elgoibartar eta Joseba Arregi oñatiar presoen egoera krudela gogoan. Izan ere, biak dira preso kolektiboaren pertsona adinduenak. 76 eta 73 urte, Sebasen eta Josebaren adina, hurrenez hurren. Biak ala biak aske beharko lukete, legeak berak jasotzen duen moduan: Libertad condicional de los penados que hubiesen cumplido 70 años o los cumplan durante la exención de su condena –196. artikulua, RP–.

Baina biak ala biak preso daude oraindik.

Beraien eskubideen ukazioari eta adinak dakartzan zailtasunei, espetxean bizi duten salbuespen legediaren neurri zorrotzek eta urrunketak sortarazten dizkieten egoera jasangaitza gehitu behar zaie.

Eta denbora aurrera doa, etenik gabe.

Denbora ez da gelditzen, ezta atzera bueltatzen ere, aurrera egiten baino ez daki. Horrela gogorarazi zigun Itziar Ugartek, bizikleta martxaren amaierako ekitaldian bertaratutakoekin partekatu zuen gogoetan: "Denbora pilatu ahala, denbora galtzen goaz". Denbora. 76 eta 73 urte.

Gehiegizkoa zain dagoenarentzat, eta bereziki zabala, luzea, sufritzen duenarentzat!

Denborak gure kontra jokatzen badu ere, aurrera begiratu beharra dugu. Iraganeko oinaze eta minak sendatuz, konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakearen garaia dela uste dugulako. Korapiloak askatzeko unea delako, denok batera presoak etxera ekarri nahi ditugulako. Ziur gaudelako, Itziarren hitzak gogoratuz, gau beltzenak ere egunaren promesa dakarrela berekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak