Ohiko trafikoa dago Arrasate inguruan, kotxe-ilarak norabide bietan. Ezohikoa, berriz, bidean aurkitu dudana: gizon bat auto-stop egiten. Bidearen bazter batean dago, albotik pasatzen diren gidariei so eginez, adi-adi, horien keinu adierazgarri baten zain. Geratu naiz. Eskerrak emanez, kotxean sartu eta bere istorioa kontatzen hasi da Jose.
Bere bizitzaren erdia baino gehiago lanean aritu ondoren, langabezian dago, orain, 60 urte betetzear dituen bizkaitarrak.
Etxea ordaindu ezinik, bankuaren eskuetan geratu da. Ezaguna duen abokatu baten bitartez etxea berreskuratzeko ahaleginetan ei dabil.
Luze joango dela esan omen dio lagunak: bi edo hiru urte, gutxienez.
Lasai hitz egiten du Josek, erreminik gabe, baina goibel, nahi gabe bere hitzei soinu tristea emanez.
Urte gutxi geratzen zaizkio jubilatzeko. Langabezia-laguntza amaituta, xoxik gabe dabil azken hilabete hauetan. Ez omen du familian inor lagundu ahal dionik.
Diru-sarrera bermatzeko errenta jasotzeko zain dago. Ekainaren lehen astean kobratzen hasiko dela bermatu diote.
Bitartean, hara eta hona dabil, ostatu bila, gure lurraldeko aterpe batetik bestera.
Bi hilabete ondoren, ondo baino hobeto ezagutzen ditu guztiak.
Haien egutegia, kokapena, ordutegiak, zerbitzuak eta bitxikeriak kontatzen dizkit, orain, Gasteizko taberna batean, gosari oparo baten bueltan.
Hara joan nahi du Josek, aterpe bila. Lekurik izango ote duen ez daki, baina ez du beste aukerarik. Donostiako aterpetik dator, bertan ostatu hartzeko zituen egunak agortu ondoren. Egun osoan auto-stopa egin ondoren, Elgoibarrera besterik ez da iritsi. Bertan gaua igaro behar izan du, kale gorrian.
Berak zioen bezala, sistemak ez du behar bezala funtzionatzen, ezta guk geuk ere!