Gizalegezko istoriotxoak

Goizeko zortziak dira. Astelehena. Bidaide eta lankide dudanarekin elkarrekin ezin joan... autobusa galdu... azkenean, nire autoa hartu dut lanera joateko.

"Ondo hasi dut eguna", pentsatu dut. Autoa martxan jarri, irratia piztu, argiak ere bai, lasai noa, beti bezala, ordu horretan egon ohi den trafikoari adi, albisteak entzuten joan arren. Albiste berririk ez, bezperan irentsitakoak gehienak. Dena, edo ia dena, ohi bezala.

Lantokitik hurbil, kamuflatutako ertzainen auto bat hurbiltzen zait. Keinuak eginez, bazterrean geratzeko eskatzen didate. Hasi naiz larritzen. "Buenos días", esaten dit. "Lleva las luces de posición izquierda fundidas", jarraitzen du. "Bájese del coche", agintzen dit. "Muéstrenos su documentación y la del coche", gehitzen du. Ertzainak agindutakoak egiten ditut. Dena azkar doa, tentsioa nagusi. 200 euroko bi multa: gidabaimena iraungita eta ezkerreko argia izorratuta. Hautsi, urratu ditudan artikuluen berri eman dit. Hitz egiteko betarik ez. Agur. "Eguna zeharo okertzen doa!".

Banoa lanera, oinez. Autoa han inguruan utzi behar izan dut, zepoa jarrita. Pentsakor noa. Burua eta bihotza sutan. Ez zait inoiz horrelakorik gertatu. Sentipen txarrak, inpotentzia, amorrua. Akatsak onartzen ditut, baina… 

Ikasgelan sartzen naiz. Berandu ailegatzen naiz. Nire zain daude. Ohiko algara saioa hasi baino lehen. Nire barrenari kasu handirik egin gabe, "egun on" esaten dut. Hasi naiz gaurko saiorako konpromisoak gogoratzen. Gutxi batzuk beteta. Hasi zait berriro odola irakiten. Ertzaina datorkit burura. Nire kontzientziarekin borrokan. Ez!, ezin dut horrela jokatu!, ez da bidezkoa! Borobilean jartzen gara. Hitz egiten dugu gutaz, bakoitza nolakoa den, nolakoak garen talde modura, ditugun akatsak eta balioak, ditugun eskubideak eta ardurak... Nire onera bueltatzen naiz, berriro lasai. Eguna bere onera etorri da! Eskerrak!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak