Hasteko, esan beharrekoa da zutabeak ez direla alderdi baten bozeramailetzan jarduteko espazio, norbanako moduan gai desberdinen inguruan hausnartzeko bitarteko baizik. Zoritxarrez, Amaia Erostarbe norbanako moduan aurkeztu bada ere, EAJren bozeramailetzarako erabili du. Hori ez da zintzo jokatzea.
Hori esanda, EAJko bozeramaileak esan duenez, "Pesak ematen du" Gipuzkoako autobus zerbitzua. Pesak ematen du? Ala EAJk gobernatzen duen Gipuzkoako Aldundiak ematen du, Pesaren edo gaur egun Avanzaren bidez? Zein esanguratsuak diren erabiltzen diren terminoak, eta erabiltzen ez direnak –zutabean ez da behin ere agertzen Gipuzkoako Foru Aldundia–.
Oñatiko herrigunearen eta Elorregiren arteko autobus zerbitzua 2011-2015eko legealdian jarri zuen martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak, EH Bilduk gobernatzen zuenean. Gero, legealdia bukatu eta Gobernua EAJk eskuratu zuenean, desagertu egin zen. Esanguratsua, ezta? Eta orain, Oñatiko EAJren bozeramaileak, EAJk gobernatzen duen Foru Aldundiari beharrean, Oñatiko EH Bilduren Udal Gobernuari egiten dio eskaera. Zein garrantzitsua den testuinguratzea...
Zilegi al da Oñatiko herritarrek 100.000 euro –kopuru hori proposatu du EAJk– ordaindu behar izatea Gipuzkoako garraio publikoari dagokion hutsune bat betetzeko? Ezetz esango nuke. Ez da zilegi, ezta bidezko ere.
Debagoieneko udaletako ordezkariak –Oñati, barne– duela aste gutxi joan ziren Gipuzkoako Foru Aldundira garraio publikoan hobekuntzak eskatzera; izan ere, 2024an berrikusiko da lurraldeko autobus publiko zerbitzua. Beraz, orain da momentua. Gu bagabiltza garraio publikoan hobekuntzak exijitzen Gipuzkoako Foru Aldundiari. Amaia, zuek hasiko al zarete?
----------