Batetik, Bergarako Orfeoiaren mendeurrena ospatuko dugu. Gure Orfeoia gai izan zen bere historiako garai batean errepertorio sinfoniko koralari ekiteko. Fama handikoak bihurtu ziren San Pedro parrokian Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Odon Alonsoren zuzendaritzapean eskaintzen ziren kontzertuak. Egun, oraindik ere, Madrilgo giro musikaletan entzuten dira gure Orfeoiak utzitako oihartzunak.
Urteurren hori Arrasate Musikalen 50.arekin bat dator; horren baitan sortutako Orkestra Sinfonikoa erreferentea izan zen eta mundura zabaldu zuen Arrasate izena.
Juan Arzamendi Arrasate Musikalen sortzailea izan zen eta behin baino gehiagotan Bergarako Orfeoiarekin bat egin zuen; izan ere, duela ia 40 bat urte, Arrasate Musikaleko Orkestrak eta Bergarako Orfeoiak Mozarten Misa de Coronación interpretatu zuten, Arzamendiren zuzendaritzapean, San Pedron.
Urteurren horiek talde biak elkartuko ditu Arrasateko frontoian maisulan bat interpretatzeko: E. Morriconeren La Misión. Bejondeiela eta askoz gehiago bete dezatela.