Ezusteko bat Kepa Errasti aretxabaletarraren Fadoak entzuten zituen gizona antzerkia ikustea izan zen. Berak idatzitako obra horretan, interpretazio eta kantu erakustaldia egiten du. Erlauntza-ren bertsio zinematografikoa ere ikusi nuen, aspaldian ikusi dudan komediarik onenetakoa; aurkezpenean jakin nuen jatorrizko gidoia Keparena ere badela –jenioa!–. Zuzendaria, Mireia Gabilondo, Bergarakoa da, eta Zinemaldiko ikusle sutsu sentitu ginen estreinaldira hiru aktorerekin etorri zenean. Kixi Altunak ere aurkeztu zuen Zinemaldirako lan bat Bergaran.
Beste gertaera zoragarri bat Akelarre-ren estreinaldia ikustea izan zen June Nogueirasen eskutik. Ia mila hautagairen artean bere papererako aukeratua izan zen aktore gazte bergararra. Garai txarrean estreinatu den filma da, baina ziur nago telebista-plataformetan ibilbide luzea izango duela.
HBO plataforman, hain zuzen, azpimarratzekoa da Mikel Laskurain aktore bergararraren lan bikaina. Patria telesailean paper gogorra egin du, baina, nire ustez, Bergarako antzerki mugimenduaren historia bizia den artista hau kontsakratu egin da. Jon Olivares osintxuarra beste belaunaldi batean kokatuta dago, baina telesail honetan ere aparteko papera egin du. Oraindik ez dut ikusi Altsasu telesailean, baina jarraituko dut.
Hurbileko izar gehiago badaude: Aitor Luna eta Ion Gonzalez abizen ezberdineko anaiak. Ez dira herrikideak bakarrik, auzokideak ere badira. Oso proiektu garrantzitsuetan ikusten ditugu, eta irrikan nago Ionek Érase una vez… Euskadi filmean egindako lana ikusteko, Arrasaten eta Bergaran filmatutakoa.
Hurbilago ezin.