Aulkiak hutsik

Erabiltzailearen aurpegia Uxue Uribeetxebarria Madinabeitia 2026ko martxoaren 2a

Kaleak garbi nahi ditugu, instalazioak txukun eta jaiak ondo antolatuta.

Hori bai, udalak mantendu, teknikariek konpondu eta antolatzaileek prestatu dezatela. Nik bitartean, terrazaren epeletik, inoiz ez dela ezer ganoraz egiten komentatuko dut lagunartean, zigarro mutxikina itzali eta lurrera botaz.

Herritar aktibotik erabiltzaile pasibora egin dugu bidea. Erosotasunaren sofa jendez lepo dago, baina, herriko batzar irekietan hutsik daude aulkiak. Parte hartzea neketsua iruditzen zaigu, nahiz eta kexak berehala irakur daitezkeen Facebook-en. Sare sozialetan gure burua erakutsi beharraren gose gara, herriko sarea gosez hiltzen ari den arren. Jaiak gustura bizi ditugu, antolatzeko garaian jende falta nabaritzen da ordea. Arazoak denonak dira, konponbideez ardura daitezela beste batzuk. Norberaren eskubideak argi ditugu, erantzukizunez hitz egingo dugu beste momentu baten.

Herria guztiona dela entzuten da maiz, baina badirudi maite dugun hori zaintzen ahaztu zaigula. Agian galdera ez da zer eskaintzen digun herriak, baizik eta zer eskaintzen diogun guk herriari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak