Urgain Eguna ospatuko da berriro maiatzaren 17an, eta bertako hezkuntza komunitate osoak parte hartuko du: Urgain Herri Eskola eta Oñati Institutuko ikasleek, irakasleek eta gurasoek. Festa urtero ospatzen den arren, aurtengo edizioak bi berrikuntza nabarmen izango ditu: goizean egingo den Irakaslearen bila jolasa eta bazkal ostean antolatutako Gazta enkantea, institutuko ikasleen eskutik.
Eguneko une berezienetako bat izango da eguerdian egingo den pregoia eta jarraian hasiko den kalejira. Parte-hartzaileek zapi moreak, eskolako jertseak eta kamisetak jantzita hartuko dute parte, eta kantuan zein dantzan arituko dira herriko hainbat gunetan: Errotan, Goienako parkean eta, azkenik, Foruen enparantzan, non "Urgain 10 urte" abestuko duten guztion artean.
Bazkariko tiketak eta zapi moreak Errekalden
Bazkaria elkarrekin egingo dute Irunberri plazan, institutu aurrean. Arratsaldean, jolasak eta Naizena taldearen eskutik erromeria izango dira, eta haur zein helduentzako musika dantzagarria ez da faltako. Festa auzolanean antolatu dute Urgain komunitateko kide guztiek, muntaketa eta desmuntaketa lanetan ere lagunduz. Bazkarirako tiketak eta zapi moreak salgai jarriko dira Errekalden: apirilaren 28an eta 29an, eta maiatzaren 6an eta 8an, arratsaldeko 16:30etatik aurrera.