Arratsaldeko 17:00etan eskolara hurbiltzen hasi ziren familiak eta begirale batzuen laguntzarekin, dinamika eta jolas ezberdinak egiten aritu ziren .Jolas kooperatibo hauen helburua, elkarrekin gozatzea da, denon artean erronka gainditzea, guztion parte hartzea sustatzea eta beti ere, bakoitzak bere ahalmenetatik abiatuz, zailtasunak gainditzea.
Bertako antolatzaileek ziotenez, “bakea eta bizikidetza bultzatzeari begira, jolasek ekarpen handia egiten dutela argi dugu: balio zehatz batzuk sustatzen dituzte, jarrera sortzaileak ahalbideratu, errespetua bermatu, ezberdintasuna aukera bihurtu eta bidezko egoerak ahalbideratu. Jolasa oso baliabide hezitzaile ona da bai haurrentzat eta baita helduentzat ere”.
Merezi du jolasteak… bai haurtzaroan bai eta helduak garenean ere! Jolas dezagun familian.