2026ko irailean, Desigualek Ottolingerrekin aurkeztutako Bartzelonaren B aldea kanpainak hautsak harrotu zituen. Welcome to Barcelona's B side. The one the postcards skip lelopean, bideoak hiriaren alde gordina erakutsi zuen: lapurretak, turismo masiboa, gentrifikazioa eta bizi kostuaren garestitzea. Markak ironia baliatu nahi izan zuen hiriaren izaera errebeldea aldarrikatzeko, baina herritar askok beren errealitatearen aurkako iseka gisa hartu zuten. Normala, ez duzue uste?
Noiz bihurtu dira herritarren arazoak publizitate kanpainen inspirazio iturri? Zerbait cool. Gentrifikazioak komunitateak desegiten ditu; turismo masiboak auzoak eraldatu eta bizilagunak kanporatzen ditu; bizi-kostuaren garestitzeak, berriz, bizi-baldintzak okertu. Merkatuak zaurgarrienetan ere negozioa ikusten du.
Kezkagarriena harago doa, ostera: kontsumo logikak, gure arazoak ez ezik, horien aurreko haserrea ere bereganatzen du. Eskandalua sortu, arreta erakarri eta, kritikak iritsitakoan, barkamena eskatu; protesta bera marketinera gehituz. Ebidentea da, beraz, ez gaudela komunikazio akats soil baten aurrean. Kontsumismoaren logikaren isla da: denak balio du ikusgarritasuna eta etekina lortzeko.
Minimoez ari natzaizue, bai, baina gutxieneko horiek ere exijitu egin behar zaizkie. Nahi badute, segi dezatela luxua eta aspirazio faltsuak saltzen, baina ez ditzatela besteen zauriak beren kanpainetarako erabili. Bizilagunak ez dira publizitatearen dekoratua, eta haien sufrimendua ez da inoren marka irudia elikatzeko lehengaia. Auzoak ez dira kanpaina baterako atrezzo erromantizatuak: bertan bizi direnen etxeak dira. Eta etxea ez da salgai dagoen erakusleiho bat.