Herriminaren paradoxa

Erabiltzailearen aurpegia Unai Etxenausia 2026ko martxoaren 9a

Atzerrira bizitzera joatea ez da lekuz aldatzea soilik; batzuoi barrutik sortzen zaigun mugimendua da. 

Beharrak edo jakin-minak bultzatuta abiatu ohi gara, beste modu batean arnasteko grinak eraginda. Hasieran dena da zirraragarria: kale ezezagunak, soinu arrotzak, ohitura desberdinak. Norbera arinago sentitzen da, ia hutsetik hasteko prest. Baina denborarekin, isilpean agertzen da herrimina. Familiaren barreak, lagunen keinu xumeak, etxearen sukaldeko usaina. Ez dira handinahiko gauzak, baina bai sakonak; xehetasun apal horietan neurtzen da sustraien benetako indarra.

Dublinen bizi naizen honetan, hasierako lilura ia euforia bihurtu zen: hiriaren mugimendua, aniztasuna, kaleetako bizitasuna. Berritasunak dakarren zirrara. Baina pixkanaka agertu da hutsunea; ez larria, baina presente. Orduan ulertzen da paradoxa: urrundu egin behar da gertukoaren balioaz jabetzeko. Distantziak perspektiba ematen du; lausoa zirudiena argitu egiten du.

Herria ez da mito idealizatua, argi-ilunak dituen errealitate bizia baizik. Urruntzeak oreka dakar: sustraiak maitatzeko aukera ematen du, itsukeriaz defendatu gabe. Ulertzen duzu zerk egiten zaituen zarena, eta zergatik behar zenuen alde egitea. Atzerrian zaudenean, zeuk eraiki behar duzu zure kontakizuna. Nekagarria izan daiteke, baina askatzailea ere bada: berrasmatzeko eta benetan zer nahi duzun argitzeko abagunea.

Herrimina ez da ahultasunaren seinale; loturaren adierazgarri baizik. Distantzia, berriz, hazteko eta argitzeko tresna da. Kanpora joatea ez da atzean uztea, baizik eta ulermen sakonago baterako pausoa ematea. Itzultzen zarenean, ez zara lehengo bera: urrunetik begiratu duenaren begirada daramazu, eta horrek aldatu egiten du etxearen esanahia. Batzuok ziklo moduko batean bizi gara, ezinegon emankor batek bultzatuta. Agian, horixe da benetako paradoxa: alde egitea, azken batean, berriz itzultzeko modu bakarra delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak