Munduko grisak

Erabiltzailearen aurpegia Unai Etxenausia 2025ko ira. 12a, 00:00

Maiz esaten da bidaiatzea dela "bizitzaren benetako eskola", zorionaren giltza edo hezkuntzaren osagarri ezinbestekoa.

Nik, ordea, ez dut hala ikusten. Bidaiatzea ez da beharrezkoa, ezta guztion eskura dagoen aukera ere. Hala izan beharko lukeen arren, pribilegio bat da: hautetsi dezakeenaren aukera, eta erabakirik hartzeko ahalmenik ez duenaren amets urruna. Ez dut uste bidaiatzeak berez pertsona hobe bihurtzen gaituenik. Pasaportean zigilu gehiago edukitzeak edo furgoneta kanperizatuan kilometro gehiago egiteak ez du gizatasuna bermatzen.

Haatik, bidaiatzeak munduaren grisak miresteko balio du, baina baldintza bat dago: jarrera egokia eramatea, aurreiritziak alboratzea; eta jarrera hori etxetik bertatik ekarri behar da. Ohitura arrotzekin topo egiteak edo bestelako bizimodu batean murgiltzeak zer garen hobeto ulertzen laguntzen du. Eta gogorarazten digu gurea ez dela erdigunea, ezta errealitate bakarra existitzen denik ere: mundua ñabardurez eta kontraesanez osatutako paisaia zabala da.

Moduak baldintzatzen du ikaskuntza hori. Kontsumo turistiko azkarrean geratzen bagara –argazki ikusgarriak bildu eta sareetan partekatzeko asmoz–, ez dugu ezagutza handirik jasoko: esperientzia hutsal bihurtzen da, postal bilduma soil bat. Aldiz, jakin-minetik, errespetutik eta ikasteko gogotik abiatzen bada, bidaia aberasgarri bihurtzen da.

Eta ez, bidaiatzea ez da ezinbestekoa, ez eta automatikoki pertsona hobe bihurtzen zaituen ekintza; hala ere, aukera hori duenarentzat esperientzia sakona eta eraldatzailea izan daiteke. Azken batean, bidaiaren benetako balioa ez da besteei kontatzea, baizik eta bidaia hori gure barne prozesuekin nola uztartzen dugun eta munduari nola heltzen diogun. Bidaiak grisak miresten laguntzen du; mundua ez baita ez zuria ez beltza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak