Oroitarazteko, beste barik

Erabiltzailearen aurpegia Unai Etxenausia 2023ko mar. 10a, 00:00

Atzera begiratzea aurrera egiteko?

Izan naizena, gaur naizena eta bihar izango naizena. Gutxiegi pentsatzen dut horretan, akaso. Egia esan, iragana (gehiegi) oroitzea saihesten duen pertsona bat naiz. Esperientzia eta bizipen gozoak oroitzen ditut, gaziak ez hainbeste, baina, zuek bezala, txarretik ikasten saiatzen naiz. Beharrezkoa da pasarte ilunak memorian presente izatea, horietan ainguratuta geratu barik. Halere, horrek ez du ziurtatuko egindako akatsak edo egoera latzak berriz errepikatuko ez direnik. Horregatik, are garrantzitsuagoa da egoerak, pertsonak, ideiak eta abar ezabatzeko edo aldatzeko jarrera aktiboa izatea. Eta mantentzea, noski.

Egoera txarrak hausnartzeko denbora hartu behar da. Baina gaizki egindakoak edo sufrimendu uneak burutik ez kentzeak ez du ezer aldatuko, berriz ez errepikatzeko bermeak edo tresnak lantzen ez badira. Bai, badaude saihestezinak diren egoerak, eta norberaren esku ez daudenak. Halere, norberak alda lezake norberaren esku dagoena. Autokritika segituan egin behar dela uste duen horietakoa naiz –ahal bezain pronto, behintzat; egoeraren arabera aldatu daiteke–, ez baitago besterik aurrera egin nahi bada. Ez du ezertarako balio bizitzako pasarte ilunak barruan iltzatuta mantentzea, horri buruz hausnartzen ez bada.

Oroimenak eta damuak ez du ezertarako balio, berriz ez errepikatzeko borondate errealik ez badago. Ahanzkorrak gara, horregatik barneratu behar dugu dena, oroitzeak bakarrik ez duelako berriro gertatuko ez dela ziurtatzen. Kasu batzuetan arriskutsua eta guzti izan daiteke, aurrera egiteko oztopo bihurtzeraino. Damuak edo penak ez du ezertarako balio, denbora batera berriz gertatzeko edo harri berarekin estropezu egiteko arriskua badago. Ez galdu denborarik sufritzen eta damutzen. Kontziente izan eta berriro errepikatuko ez dela ziurtatu. Jarrera pasiboa da oroimenean galtzea. Aktiboa izan!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak