Egiak ez diren gauza dezente esaten ditu. Atera daitekeen ondorioa da Euskal Mitologia ez dela existitzen, oso berria delako. Hona hemen Santanak esandako batzuk:
-Gure Laminak Horaziok aipatzen duen Greziar Mitologiako Laminetik datoz.
-Gure Basajaun Erromako Mitologiako Silvano landa-jainkotik dator, Noëlen arabera basoen buru zena.
-Gure Tartalo: greziar mitologiako ia izen bereko Tartaron du jatorria.
-Gure Mari jainkosari buruz dio ez dagoela agiri-ebidentziarik haren kultua historiaurrean egin zela ziurtatzeko. Hau astakeria! Nola frogatuko da dokumentu epigrafikoen –agiriak– bitartez, idazkerarik ez bazegoen?
Kolonizatzaileen historia kontatzen duen historiagile honek Ama Lurra pasioz maite duela dio, baina gure ondare mitologiko-kulturala gutxiesten du.
Mitologia unibertsalari buruz zerbait irakurri duen edonork daki antzekotasunak daudela euskal mitologiaren, mitologia greko-erromatarraren eta germaniarraren artean. Baina horregatik ez dugu pentsatu behar batzuk besteen zordun direnik. Hainbatek aipatu dutenez, denek iturri komun bera dute: Historiaurreko Kultura Matriarkal Mediterraneo-Europarra.
Santana eta diru publikoarekin euskaldunon aurka doazen erasoak eta zientifikoki frogatu gabeko teoriak lau haizetara zabaltzen dituzuenoi "aski da" esateko garaia heldu da. Baina nor naiz historiagile jakitun bati gomendioak emateko? Eta non daude gure hizkuntza eta kulturaren alde lan egiten duten euskaltzain eta euskaldun peto-petoak? Euren poltronan eroso? Zeren beldur dira?
Gure hizkuntza, ondarea, historia, kultura eta abar maite dutela esaten duten euskaltzain guztien isiltasuna ikusita, Una historia de Vasconia-n kontatzen diren gezurrei aurre egiteko, izugarri gogoratzen ditut Henrique Knörr eta Txilladergi. Eurek lan egin zuten euskararen alde bizitza osoan.
----------
Unai Alaña Calleja
Santutxu