Lehenengo aldiz, Ibonek eszenatokia itsasotik urrundu eta Oñatira ekarri du. Hark esan zuen bezala: "Istorio honek paisaia-aldaketa behar zuen, lurralde emankorra mito, kondaira eta tradizioan. Mundu berde eta lasaia... Ni iritsi arte". Hiltzailearen bila, protagonistak udalerriko leku ezagunenetako batzuetan ibiliko dira.
Bat-batean, beste bi idazle ezagun datozkit burura, gaztelaniaz idazten dutenak, eta Oñatin ere kokatu dituzte haien istorioetako bat. Lehenengoa Toti Martinez de Lezea da: La flor de argoma (Otalora izenburuarekin euskaratuta) nobela historikoa Araotzen gertatzen da. Bestea, Eva Garcia Saenz de Urturi: haren Hiri zuriaren trilogia-ren bigarren liburua, Los ritos del agua, batez ere, Gasteizen gertatzen den arren, baditu eszena batzuk Sandailin ere. Azken hori, oraingoz, ez dago euskaratuta. Bai, ordea, trilogiaren lehen liburua: Hiri zuriaren isiltasuna.