3 urterekin Asun amonaren eskutik zihoala, auto batek biak harrapatu zituen. Amona, zoritxarrez, hil egin zen; Asunek, denbora luzea ospitalean emateaz gain, atzamar potoloa galdu zuen. Bi galera horiek dira istorio autobiografiko honen hariak.
Marina Garciaren ilustrazioek, benetako aurpegiak eta memoriak asmatutako irudiak ekartzen dituztenek, Agirianoren poema txikiak laguntzen dituzte. Denek batera sortzen dute poema-liburu ilustratu hau, pena eta zirrara sentiarazten diguna, eta amona eta atzamar potoloa bat-batean galdu zituen neskatxoaren xalotasuna transmititzen diguna.
Letra gutxi, sentimendu asko, Asunen oroitzapenek sortu duten istorio hunkigarri honetan. Eskuen artean edukitzea eta bere orrietan murgiltzea merezi du.