Aurrera begira lanean hasita

Badoa denbora aurrera, laster hilabete beteko dugu salbuespeneko egoera honetan eta dagoeneko askori luze egiten ariko zaizue. Edonola ere, ezin zalantzan jarri egoera berrietara egokitzeko dugun ahalmena; arduraz jokatzen ari zarete, gustuko ez izanagatik gehiengoaren hobe beharrez neurri zorrotz hauek zintzo betetzen. Zorionak eta nire eskerrik beroenak, beste behin.

Denbora aurrera doan heinean, egoera egonkortzen doa, osasun baliabideak egokitu dira egoera berrira eta ez dago hasierako tentsiorik; positibo berrien kopurua ere egonkortzen eta pixkanaka jaisten doa eta hasiak gara entzuten bueltarako neurriak nolakoak izan litezkeen; beraz, astiro bada ere, badoa hurbiltzen normaltasunera itzultzeko garaia.

Gure aldetik, horretan ari gara lanean: alde batetik, geldialdi honek bereziki kolpatu duen herriko komertzio txikia bultzatzeko neurriak prestatzen. Nahiz eta oraindik ez jakin noiz ireki ahal izango duten, apirilaren bukaerarako prest izan nahi dugu bonu kanpaina berria. Garaiz jakinaraziko zaizue denoi zertan datzan, baina hemendik zuen laguntza eskatu nahiko nizueke; Udalak egingo du bere esku dagoen guztia, baina zuen parte-hartzea berebizikoa izango da herriari bizitza ematen dioten hauen etorkizuna bermatzeko orduan.

Bestalde, etxean sartuta horrenbeste denbora eman ondoren, ziur naiz animazio beharrean izango zaretela. Ba, gorde indarrak, prestatzen ari gara-eta herria girotzeko ekitaldiak; ez da girorik faltako hurrengo hilabeteetan. Puntu honetan bereziki eskerrak eman nahi dizkiet AZ Gaubelakeko Ibai eta Mikeli, larunbat iluntzeetan, tartetxo bat bada ere, herria girotzeko egindako ahaleginagatik; zorionekoak gara aretxabaletarrok bikote hau gure artean izateagatik.

Udal kudeaketarako ere egoera gogorra izango dugu aurrerantzean. Aurtengo aurrekontuan sarrera murrizketa handia aurreikusten da; gure aurrekontuaren %15, 1,5 miloi euro inguruko sarrera jaitsiera izan genezake. Horrek plan guztiak aldatuko ditu, gastu asko berrikusi beharrean izango gara, baina etxeko lanak ondo eginak ditugu eta azken bi urteetan aurreztutako diruarekin gai izango gara behar-beharrezkoak diren zerbitzuak mantentzeko.

Amaitzeko, besarkada bat eta nire desiorik onenak gaixo daudenei eta senitartekoei, eta doluminak egoera latz honetan hurbileko norbait galdu duzuenoi.

Beste guztioi, animo eta zaindu zuen burua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak