Gustatuko litzaidake egoera honek noiz arte iraungo duen aurreratzea, baina, tamalez, oraindik goiz da hori aurreikusteko. Edonola ere, ukaezina da astebete gutxiago geratzen zaigula.
Gaurkoan, baikortasun mezua helarazi nahi nizueke. Azken datuaren arabera, asteazkeneko datuaz ari naiz hau idazten dudan momentuan, herrian 21 positibo konfirmatuak dauzkagu. Zenbat eta positibo gehiago, orduan eta errazagoa da ingurukoren bat kutsatua izatea eta gertu sumatzean beldurra handitzea. Hau hala izanik ere, osasun zerbitzuak helarazten digun mezua positiboa da, gaixoen egoera hobera doa, altak ingreso berriak baino gehiago dira eta osasun baliabideak ez daude gainezka. Itxialdi egoeraren helburu nagusia betetzen ari da; beraz, ez etsi, segi orain arteko jokabide arduratsuarekin eta laster ikusiko dugu tuneleko irteeran argia.
Udalari dagokionez, joan zen astean aurreratu bezala, itxialdi amaierarako neurriak lantzen aritu gara. Hurrengo astean onartzeko asmotan gara proposatu berri ditugu komertzio, ostalaritza eta profesional txikiendako laguntza neurriak, alde batetik, egunotako galerak arintzeko, eta, bestetik, jarduera sustapena bideratzeko. Hurrengo astean onartzea aurreikusten dugu, lehenbailehen indarrean izateko helburuarekin. Dagokionean denoi jakinaraziko dizuegu, denon parte-hartzea beharrezkoa izango baita egoera honetan kaltetuenak izan direnak laguntzeko. Itxialdia amaitzean girotuko dugu herria; beraz, orain, indarrak gorde, amaiera ondo ospatuko dugu eta.
Amaitzeko, oraingo honetan ere, besarkada handi bat gaixotasuna gainditzeko bidean zaudeten guztioi, bai eta senitartekoei eta hurbilekoei ere; animo, zaindu ezazue zuen burua eta ingurukoena.
Esan bezala, dagoeneko astebete pasatu da eta astebete gutxiago falta da.