Garizuma bitxi hau bizitzea suertatu zaigu aurten, inork bizi izan ez dugun egoera berri hau kudeatu beharrean aurkitu dugu gure burua, eta aitortu beharra daukat aretxabaletarrok primeran ari zaretela. Joan zen astean bezala, oraingoan ere zoriondu beharrean aurkitzen naiz adierazten ari zareten jokaera arduratsuagatik; nabaria izan da aste honetan kaleko mugimendua zeharo gutxitu dela.
Egoera honetatik ahalik eta azkarren eta egokien irteteko ezinbestekoa dugu bide honetan jarraitzea. Osasun baliabideak gainezka egin ez dezaten denok lagundu beharra daukagu eta eskaini dezakegun laguntza handiena etxetik ahalik eta gutxien irtetea da; beraz, beharrezkoa ez bada, gera gaitezen etxean.
Udaleko Ongizate Zerbitzutik jarraipen zuzena egiten ari gara egoera honetan ahulen diren helduei, batik bat. Edonola ere, litekeena da laguntza beharrean izan eta heldu ez garen norbait izatea. Laguntza beharrean izanez gero, bai irteteko, erosketak egiteko edo krisiak jota ekonomikoki beharren izanez gero, edo egoera horretan egon litekeen norbait ezagutuz gero, jarri kontaktuan Udalarekin lehenbailehen laguntza bideratzeko.
Larrialdi egoera antolatzea izan da orain arte gure lehentasuna; orain, hau kudeatuaz gain, gure ardura nagusia osasun krisia amaitzean aurre egin beharko diogun egoera ekonomikoari aurre egitea da. Honezkero denok jabetu gara geldialdi honek ondorio latzak ekarriko dituela ekonomian. Dagoeneko batzuk jasaten ari dira, komertzio eta ostalaritzan ateak itxi beharra izan dituztenak, esate baterako. Udal aurrekontuan ere eragin handia izango du eta legealdi osoa berrantolatu beharra izango dugu, beti herritarron ongizatea lehenetsiz.
Ez nuke mezu ezkor batekin amaitu nahi; gero eta gutxiago falta da gaixotasun hau garaitzeko eta ohiko bizitzara bueltatzeko. Egoera larri orotatik ikasgai positiboak atera daitezke; hortaz, aprobetxa dezagun etenaldi hau indarberritzeko.
Azkenik, besarkada handi bat gaixotasunak harrapatutako herritarrei eta senideei; lehenbailehen etxean osasuntsu bueltan izan ditzagun ez ahaztu, etxean geratu.