Hiruretan ere egunez ari izan dira, trafiko dezenteko orduetan. Lanak egin bitartean, tunelaren norabide bat zabalik egon da eta bestea itxita. Adibidez, ostegunean, 14:30etik 20:30era itxita egon zen Markuletetik Mugarri alderako norabidea. Uneoro, sekulako trafiko ilarak sortu ziren inguruan, bai eta eragozpen ugari: kamioi astunen trafikoa Arrasate barrutik –Udala plaza eta Takolo artean–, eta maiz txoferrak noraezean, tunelaz aparteko beste ibilbidea ezezaguna zitzaielako.
Ez da ikusi udaltzain zein ertzainen behar besteko laguntzarik trafikoa bideratzeko, laguntzeko, azalpenak emateko…
Ikusita nolako arazoak sortzen diren Olandixoko tunelean mantentze-lanak egiten direnean eta bide bat ixten denean, ez ote daude beste aukera batzuk lan hauek egiteko?
1. Gauez egitea lanok, trafiko gutxiago dabilenean.
2. Orain bezala egitea, egunez, baina semaforo batzuen laguntzaz, norabide bietara txandaka emanez bidea.
Eta edozein kasutan ere, eskertuko litzateke udaltzain edo ertzainen laguntza errepide mozketa hauetan.
Herri barruak ere eskertuko luke, trafiko handia sortzen da-eta herrigunean –kotxe eta kamoiak–.
----------
Unai Bergaretxe
Arrasate