Gure furgoneta hartu, Hueskadi-tik pasa eta Montserrateraino. Montserrat… zer esango dut nik, ba; aukeran, nahiago Araotz, Arantzazu eta Urbia: politagoak, eta, gainera, dohainik. Gomendioa oñatiarrei: Urtiagainen bidesari bikoitza jarri, bata Araotzerako –30 euro– eta bestea Arantzazurako –50 euro–, eta Euskal Herrian bizi garenok, musu-truk.
Ferrya hartu, Mediterraneo itsasoa alderik alde zeharkatu, eta iritsi gara: Erroma! Egia da, ez dauka parekorik. Erroma ikusi, ikasi eta ulertzeko bi urte bertan pasa, eta oraindik dena egin ez duzun sentsazioarekin bueltatuko zara. Toscana: itzelak hango herri eta lursailak; ahopean esango dut, baina Arabako Errioxako eta Zuiako parajeak, haiek ere ezin ederragoak. Liguria eta bere kosta: 5 terre bikaina; Elantxobe, Mutriku, Lekitto… ez dira atzean geratzen. Verona: haiek Romeo eta Julieta dauzkate; guk, euskal kantari bakarlarien dozenaka abesti. Venezia eta Dolomitak: joan eta ikusi; hemen bai, ez daukagu zereginik. Lago di Ledro eta Lago di Garda; Urkuluko paraje eta ilunabarrak ere bikainak. Anbotok ez dauka Cervinoren inbidiarik, nahiz eta askoz handiagoa den. Chamonix usaindu, eta zuzen etxera. Hori bai, Bugatiko erretegian ikatzen gainean eginiko Lumagorri eder bat bere osagarri guztiekin jan ostean. Etxera iritsi, eta zirimiria, bikaina. Hurrengo eguerdian nire aitaren baserrira bizikletan iristea, atea zabaldu eta amaren, izeba-osaben, lehengusu-lehengusinen aurpegi eta begiradak ikusteak ez dauka preziorik; hori da benetako erromesaldi baten bukaera.
Erromesaldia: Erroma leku sakratua izanik, bertaraino etxetik eginiko bidaiari dagokio. Nire kasuan, alderantziz izan da: Erromatik irten eta nire leku sakraturainoko bidaia, Arrazolara; Aldekortara, hain zuzen ere.