Baten batek tranpa txikiren batekin, baina ahalegina ere jarri du. Donejakue edo Santiago bidearen gainean ari naiz hizketan. 2003. urtetik ondo ezagutzen dudan bidea da. Iparraldetik, frantsesa, sanabresa… hainbat lekutatik egin dut. Beti bizikletan; nire kasuan, furgoneta baten barruan, hainbat ikasleren arduradun lanetan. Eta, nola ez, egun hauetan, erromesak ikustean, oinez, bizikletan zein zaldi gainean, iraganeko emozio eta zirrarak piztu dira nire barnean. Tamaina eta izaera guztietako neska-mutilak ikusi ditut negarrez Obradoiroko plazan.
Urteen poderioz, konturatu naiz bidea bukatutakoan, arrazoiak arrazoi, askok malko bat isurtzen dutela. Malko hori helburu baten ondorioa da; emozio baten ostean begietan hasten dena, masailetik pasa eta kokotsera heltzean bertan geratzen dena momentu labur batez, azkenik lurrean bukatzeko. Malko guztien bideak dira ezberdinak, baina emozioz beterikoak. •