Niretzat, egunak luzatzen hasten direneko garaia da. Nire amarentzat, aldiz, gauak mozten direnekoa. Biok probesten ditugu eguneko argiak, baina, ziurrenik, amari gauak luzeagoak egingo zaizkio.
Gabonetan hainbeste argi ipintzearen eta hainbeste elkartzearen ezkutuko arrazoi nagusia izan daiteke. Nahiz eta orain denok dakigun arrazoi nagusia zein den.
Pasatzeko modu asko daude: bidaiatuz, bakarrik, lagunekin, familian, bikotekidearekin, lanean, triste, pozik, bizikleta baten gainean... edozein modutan; betiere, bakoitzak ahal eta nahi duen moduan.
Baina nik ez dut Gabonen inguruan hitz egin nahi. Gaba onen inguruan baizik. Adina aurrera doan heinean gutxitzen joaten diren gau horietaz. Gaztetan, jarraian, lo sakonarekin eta guztiz berriztagarriak izan ohi diren gau horiek adin batetik aurrera okertzen hasten baitira. Bueno, batzuei ez zaizkie inoiz okertzen; zorionekoak zuek!
Niri ere pasatzen zait –momentuz, gutxitan– gau erdian esnatu, amesgaiztoren bat, itolarria, bihotza taupada ez ohikoetan... eta hurrengo minutuetako paranoiak. Larrialdietara joateko adinakoak. Ez dakit zer daukan gauak, baina iluntasunak, isiltasunak eta ezerezaren momentuek garuneko leku ezkutuetatik bakoitzaren beldurrak azaleratzen dituztela uste dut.
Halakoxe gauak izan edo etorri ez bazaizkizu, ez arduratu, etorriko dira, ez izan presarik. Etortzen direnean, lasai egon, arnasa sakon hartu, azkenaldian algara eragin dizuten pasarte pozgarri horiekin kontzentratu, eta ikaratzen zaituzten pentsamendu ezkor horiek uxatuko dituzu. Azken finean, pentsamenduak baino ez dira... edo ez, edo bai.