Askotan, lanagatik edo benetako interesa daukadalako, "zer moduz?" galdetzen dut, eta aditzeak dakarren energia-gastu horri aurre egiteko hautua egiten dut. Era guztietako erantzunak jasotzen ditut: luzeak, motzak, originalak, barregarriak, errealitatera ekartzen nautenak, emozioz beterikoak... Gustura entzuten ditut denak. Baina badago erantzun bat sutan jartzen nauena: "Sin más". "Sin más?!?!?! Hobeto hil, orduan" erantzuteko gogoa ematen dit. Badirudi "sin más"-ekin galderak bost axola dizula edo bizitzari zukurik ateratzen ez diozula; mekaben zotz!
Beraz, mesedez, "zer moduz?" galdetzean, benetan galdetu, entzuteko prest bazaude; bestela, ez galdetu. Eta, mesedez, eman edozein erantzun: "Betiko martxan", "hobeto guran", "zaharrak berri", "txarto", "ondo", "ezin hobeto", "ni baino hobeto dauena kabroie galanta" edo "burua altxatu ezinik nabil". Baina "sin más", ez!