Balkoiko maillot umela jaso, jantzi eta banoa igogailuan behera, garajera. Kaskoa, betaurrekoak, klak-klak, bizikletari lotu natzaio, argiak jarri eta... hau hotza, dedio! Nora zoaz, Urtzi?
Untzillan gora, hankak gogor, arnasa estu, bihotza lepo inguruan ate-joka. Behe-lainoa, are eta zurrunagoa. Busti zait bizarra, busti zaizkit bekainak; hezetasuna nonahi. Nora zoaz, Urtzi?
Basterralde pasa eta Gellaoko larreek hartu naute; bizikletako erruberen soinua besterik ez da aditzen. Nora zoaz, Urtzi?
Untzillako azken aldapa malkartsua, hankak gogorrago, lepoa luze eta eskuak estu. Ia zeru urdin perfektua ikusi daiteke; ia, baina oraindik ez. Suñan behera, hotza da nagusi. Nora zoaz, Urtzi?
Aramaiora bidean, erreka ondotik, txoriek behatzen nautela, ez dago inor, ez dago autorik, uraren ekarriaren soinua bakarrik; hasi da gorputza pizten. Nora zoaz, Urtzi?
Etxaguenen gora, ezin ederragoa, Gantzagatik pasatuta, agertu zait, agertu zait orkatza, agertu zait urtxintxa, agertu zait zeru urdina, Muru, Kurtzebarri, Aloña, Orixol… Nora zoaz, Urtzi?
Arriola, Arexola, Uribarriko aldapan arnasestua, Gureia. Baserriak zoragarriak dira. Kruzetan, goian, metal-urezko iturrian tragoa jo eta Aramaiora. Nora zoaz, Urtzi?
Azkoagan gora, Barajuen alde batera utzi, Zabola pasatu, eta Untzilla gaineko lautadatxoa, Anboto, Udalatx, keinu bat aitari eta aurrera. Nora zoaz, Urtzi?
Untzillan behera, berriz lainope sartu aurretik, ibarreko ikuspegi bikaina, kotoizko itsasoan ageri dira mendiak, eguzki biziarekin eta zeru urdinarekin. Hotza berriz, baina ezin irribarrea aurpegitik kendu. Bihurgune bakoitza gozatu hutsa da.
08:15. Klak-Klak. Utzi dut bizikleta, itxi dut garajeko atea.
Heldu naiz etxera, eta ondo, ez da gutxi. Hau gozatua! Nora zoaz, Urtzi?
Edonora, burua garbi eta gorputza topera! Etorri dadila edozer eta edonor.