Ez dira gutxi izan ordutik hona jasotako atxikimenduak eta ekarpenak. Kulturgileen, sindikalgintzaren eta legelarien atxikipenaz gain, 2.000 norbanakok baino gehiagok egin dute oraingoz bat manifestuarekin, eta, oraindik ere, giltza gehiago izatea da gure helburua, giltza gu geuk izan behar baitugu. Konponbiderako giltza.
Ateak zabaltzen gabiltza, beste ate batzuk betiko zarratu ahal izateko.
Urteetan itxita izan diren ate ugari zabaltzeko bidea izan gara. Gutako bakoitza, bere txikitasunetik, eginiko urrats txiki bakoitza bide egiteko bide izan delako.
Urruntze politika amaitzearekin batera espetxe politikaren baitan aldaketak gertatzen ari bagara ere, behin eta berriz euskal presoek etxerako bidea itxita dutela salatzea dagokigu oraindik. Izan ere, Fiskaltzak, Auzitegi Nazionalaren laguntzarekin, legedi arruntaren ezarpenaren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen du.
Salbuespenezko legediek eta salbuespenezko epaitegiek giltzarrapo izaten jarraitzen dute, baina bidean aurrera egiteko prest gaude. Urratsak egiten jarraitzeko unea da, konponbidearen eta benetako bake baten aldeko konpromisoa erakutsiz. Salbuespena lege den bitartean, oraindik giltza ugari astindu behar ditugulako, hasitako pausooi jarraiki, atariraino bide egiteko unea da. Salbuespenaren giltzarrapoa irekitzeko unea da.
Esperantza hitza gure elkarrizketara itzuli da, urte luzeetan giltzapean bahiturik egon ostean. Elkarlanean jarraituz gero, etxera bidea gertu egon litekeen itxaropena.
Jarrai dezagun ateak zabaltzen, salbuespenari ere zirrikitu oro zarratzeko.
Datozen egunetan ere milaka giltza izanen gara. Giltzak astinduko ditugu kaleetan, fabriketan, erakundetan... eta giltzen olatu bihurtuko dugu Bilbo urtarrilaren 13an, 16:00etan Casillatik irtenda.
Bidean aurrera goaz. Etorkizunaren atea zabaldu eta iragana zarratzeko giltzarria gara.
Lortuko dugu!
Gari Atxabaltara!
--------------------
Txarli Garcia
Debagoieneko Sareren izenean
Debagoiena