Gabonetako giltza

Erabiltzailearen aurpegia Txarli Garcia 2023ko abe. 27a, 15:14

Bi hilabete igaro dira Gernikan “Konponbiderako giltza” manifestua aurkeztu genuenetik. Ez dira gutxi izan ordutik hona jasotako atxikimendu eta ekarpenak. Kulturgile, sindikalgintza, legelari ezberdinen atxikipenaz gain, 2.000 norbanakotik gorak egin dute oraingoz bat manifestuarekin eta, oraindik ere, giltza gehiago izatea da gure helburua, giltza gu geuk izan behar baitugu. Konponbiderako Giltza.  

Ateak zabaltzen gabiltza, beste ate batzuk betiko zarratu ahal izateko. Urteetan itxita izan diren ate ugari zabaltzeko bidea izan gara. Gutako bakoitza bere txikitasunetik, emaniko urrats txiki bakoitza bide egiteko bide izan delako. 

Urruntze politika amaitzearekin batera, espetxe politikaren baitan aldaketak ematen ari bagara ere, behin eta berriz euskal presoek etxerako bidea itxita dutela salatzea dagokigu oraindik ordea. Fiskaltzak, Auzitegi Nazionalaren laguntzaz, legedia arruntaren ezarpenaren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen baitu.

Salbuespenezko legediek eta salbuespenezko epaitegiek giltzarrapo izaten jarraitzen dute, baina bidean aurrera egiteko prest gaude. Urratsak ematen jarraitzeko unea da, konponbidearen eta benetako bake baten aldeko konpromisoa erakutsiz. Salbuespena lege den bitartean, oraindik, giltza ugari astindu behar ditugulako, hasitako pausuei jarraiki, atariraino bide egiteko unea da. Salbuespenaren giltzarrapoa irekitzeko unea da. 

Atxabaltan, giltzak eskuetan, abenduaren 30ean, arratsaldeko 19:00tan farmazia zaharretik kalejira bat abiatuko da eta ondoren konponbidearen aldeko puzzlea denon artean osatuko dugu herriko plazan.

Abenduaren 31, 11:00tan Kurtzebarrin elkartuko gara argazkia ateratzeko eta 19:00tan plazan berriro elkartuko gara urtea agurtzeko.

Esperantza hitza gure elkarrizketara itzuli da, urte luzeetan giltzapean bahiturik egon ostean. Elkarlanean jarraituz gero, etxera bidea gertu egon litekeenaren itxaropena. 

Jarrai dezagun ateak zabaltzen, salbuespenari ere zirrikitu oro zarratzeko.

Datozen egunetan ere milaka giltza izanen gara. Giltzak astinduko ditugu kaleetan, fabriketan, erakundetan... eta giltzen olatu bihurtuko dugu Bilbon urtarrilaren 13an.

Bidean aurrera goaz. Etorkizunaren atea zabaldu eta iragana zarratzeko giltzarria gara.

Lortuko dugu!  
Gari Atxabaltara! 

-----------

Txarli Garcia
Atxabaltako sarekidea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak