Geure ingurukoak eta familia gertuago sentitzeko garaiak; bazkari edo afari artean elkarrekin egotekoak… Tamalez, baina, etxe askotan hutsuneak luze dirau.
Gertuago daude. Bai, gertuago ditugu. Eta horrek, zalantzarik gabe, izugarrizko zama gainetik kentzea dakar. Hori guztion lanari esker izan da, 34 urtean zaintza lanetan aritutako guztion lanari esker: kalean aktibo egon direnei esker; eremu instituzionalean zein arlo politiko eta sindikalean honen amaieraren alde elkarlanean aritu diren guztiei esker. Gertuago eta bigarren graduan daude, eta horri balioa emateko unea da.
Baina inork ez dezala pentsa bide hau hemen amaitzen denik. Bide luze bat dugu egiteko, asko baitira, legeak dioen baldintza guztiak beteta, baimenik jasotzen ari ez direnak. Edota errealitatea da hirugarren graduan 110 presok egon beharko luketela baina soilik 33 daudela… Etxeratze bidean, traba hauek nabariak dira. Kartzelako zuzendaritzen txostenen eta Eusko Jaurlaritzaren erabakien gainetik, Madrilgo oldarraldiak oztopo dira bide horretan.
Bederatzi gradu-erregresio izan dira, eta hori, salbuespen-neurriak bertan behera geratzeko bidean, izugarrizko atzerapausoa da. Gainera, hamahiru dira epaien zain daudenak, Auzitegi Nazionalaren fiskaltzaren errekurtsoak etengabeak dira, eta soilik mendeku eta gorroto ikuspuntutik uler dezakegu.
Baina guk elkarbizitza eta etxeratze prozesua normaltasunez emateko desioa dugun guztion artean lanean jarraitzeko asmo irmoa daukagu. Ezin dugu bide hau erdizka utzi, eta etxeratze prozesua bururaino eraman arte, elkarlana, aktibazioa eta mobilizazioa sustatzen jarraituko dugu. Hori delako egoera hau eraldatzeko aukera bakarra.
Beraz, garai berri honetako erronkak begi bistan izanik, une honi balioa ematen jakin behar dugu. Denon artean elkarlanean aritzeak duen indarraren jabe izan behar dugu eta bide horretan sakondu behar dugu, horrela gaindituko ditugulako oraingo traba hauek ere.
Beraz, urtarrilaren 7an, Bilbon, preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuaren alde egingo dugu, salbuespen neurri guztien kontra.
Guztion artean lortuko dugu. Oraingo zapatuan, Bilbon ikusiko dugu elkar.
----------
Txarli Garcia
Debagoieneko Sareren izenean
Debagoiena