"Jose Luis"

Erabiltzailearen aurpegia Txipi Ormaetxea 2012ko urt. 25a, 01:00

Alvarez Enparantza, Txillardegi. Zer esan azken egunetan Txillardegiren gainean esan ez denik?

Gauza asko esan eta idatzi dira, ondo esanak eta ondo idatziak ia denak. Beste kontu batzuk aitatuko ditut nik.

Donostiatik urruntxo geratu arren, Debagoienarekin izan zuen hartu-emana, izan zuenez, Txillardegik. Beharbada denek ez dute jakingo amaren familiak Oñatiko jatorria zuela. Eta Oñati ez zuen saltzeko, bihotzean zeroan. Arantzazu ere maite zuen, eta hango bakea baliatu zuen zenbait lan idazteko. Bestalde, idazlanetan erabili zuen gaitzizenetako bat Usako izan zen, eta ez dago oñatiarrik hori zer den ez dakienik.

Bergararekin ere bazuen lotura. Kontu jakina da Monzon bergararrarekin izan zuen adiskidetasuna. UNEDen ere hainbatetan aritu zen hizlari eta irakasle.

Arrasate ere ezin aitatu gabe utzi. Ustekabe polita eta hunkigarria gertatu zait oihal berberearen kontua: Arrasateko Txomin handiaren gorpua estali zuen harexek estali du orain Txillardegirena, 25 urtean gordea izan duena.

Eta ibilbidetxo hau amaitzeko, Aramaiorekin lotutako zerbait kontatuko dut. 1999ko urriaren 17an lagun batzuek Jose Luis gonbidatu genuen Aramaiora. Hasteko, ibilaldia Santi Kurtzen kobara (Jose Luis beranduago etorri zen eta ez zuen kobara joaterik izan); gero, bazkaria Iturrieta sagardotegian; eta bazkalorduan eta bazkalostean "huntaz eta hartaz" berba egin genuen, baina bereziki denok aurretik irakurria genuen Jose Luisen Putzu eleberriaz. Han izan ginenok ez dugu ahazteko egun hura!

Eta hiri zer esan, Jose Luis maitea? Ba, azkarregi joan haizela. Prozesu politiko berria abiatu baino ez denean utzi gaituk. Luze joko dik, eta dena beharko diagu. Hire laguntza ere bai. Hagoen lekutik, emaiguk indarra hire betiko ametsa lor dezagun.  Eskerrik asko. Alimaleko zortea izan duk hi ezagutzea!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak