Beti pentsatu izan duzu gerta litekeena dela, baina aldi berean zuri ez zaizula tokatuko sinetsaraziz engainatzen duzu zeure burua. Ba, oraingoan bai, loteria ez zaizu egokitu, baina etxean sartu zaizkizu. Atea zabaldu orduko ohartu zara norbait ibili dela barruan, ordena zure bertute nagusia ez bada ere dena baitago nahas-mahasean. Film batzuk ikusiak zarenez, ez duzu ezer ukitzen eta ertzainei deitu diezu, nahiz eta jakin ez dizutela asko konponduko. Arratsaldea izorratu dizute (ez, ertzainek ez, etxean sartu direnek). Eta gauean ere ez dakizu lo lasai egingo duzun; izan ere, ertzainetako adituenak dioenez, lapurrek bidea prestatu dute hurrengo batean sartzeko eta gauza pisuagoak (oraingoan diru eta bitxien bila sartu dira, antza) eroateko.
Oroitzapenetan atzera egin duzu eta gogora ekarri duzu orain hogeitaka urte New Yorken egon zineneko hura. Hango gauza ederrez gozatzeaz landa, han bizitzerik ez zuela merezi ere akorduan duzu: hango bizimodu azkarra, jendearen beldurra, hango alarma eta segurtasun-kontuak. "Askoz hobeto bizi naiz nire Tobera maitean", zuk zeure artean.
Akorduetan gertuago, Puerto Ricon ikusiak ere asaldatu zintuen: etxeetako leihoak burdinazko barra lodiz josita. Egia osoa esateko, han delinkuentzia handiagoa da hemen baino, egunero daude hildakoak.
Baina nago hemen ere kanpoko eredu horiek nagusitzen ari ez ote diren. Gero eta alarma gehiago ikusten da bazterretan (neu ere pentsatzen ari naiz gutxienez alarma-papera ipintzeaz), ateko morroiloari hainbat buelta ematen dizkiogu, baita etxe barruan gaudenean ere…
Akorduekin jarraituz, nire ametsa haurtzaroan dago: orduan beldur gutxiagorekin bizi ginela uste dut, etxeko ateak zabalik egoten ziren egun osoan… Edo idealizatzen ari naiz?