Postura egingo nuke hau irakurriko duten apurretatik gehienak 50 urtetik gorakoak izan baietz.
Dibortziatu berri naiz, eta duela egun batzuk abokatuaren ordainsariak pagatu ditut. 1.200 eurotik gora. Lau paper egiteko ez da mozkin makala (eta lan itzel horietako bat izan zen nire emazte ohiari gutun bat idaztea, zeinetan esaten zitzaion ea prest zegoen paperak egiteko gastuak erdibana; erantzuna baiezkoa, baina dena nik ordaintzekotan. Egia esan, eta orain artekoak kontuan hartuta eta ezagututa, ez ninduen larregi harritu erantzun horrek)!
Ordaintzerakoan, idazkariari esan nion astero dibortziatzen ez naizenez jakin nahi nuela ea prokuradoreari ere zerbait ordaindu behar nion, eta baietz (fakturaren zain nago; hain izen zatarreko ofizioa izateko oso emakume jatorra iruditu zitzaidan, baina auskalo zenbat digiturekin osatuko duen kontua). Badaezpada bigarren galdera egin nion: "Kobratu behar duen besterik bada?". Eta "Ez!", berak harridura erakutsiz, aurrean Santagedatik ihes egindako bat balu bezala. Eskerrak, bakarrik abokatuak eta prokuradoreak kobratzen dute!
Ondo pentsatuta, ez dakit zertan ibili nintzen Deustuko Unibertsitatean Filologia Erromanikoa ikasten, Zuzenbidea ikasteko aukera izanda (gainera, hola Xabier Arzallus bera izango nuen irakasle, artean han zebilen eta). Baina ez dezadan negarrik egin, fribolitate handia baita soldata duina duen batek negar egitea jakinik krisi garai hauetan jende mordoa dagoela hil azkenera iritsi ezinda.
Amaitzeko, horra nire aholkutxo parea gazteoi (gero gura duzuena egingo duzue, jakina): 1. Ez ezkondu. 2. Ikasi… (une batez Zuzenbidea idaztera nindoan, baina ez!) ikasi gogokoen duzuena, baina ikasi!