2019ko bisiten bikoitza
TOKIKOMeko webgune guztien trafikoa batuta, apirilean 2.498.379 bisita izan zituzten guztira. Martxoan baino %8 gehiago, eta 2019ko apirilean baino %97 gehiago. GOIENAn martxoan zein apirilean asko hazi dira bisitak, hala urtarril eta otsaileko datuak martxo eta apirilekoekin alderatuz gero, webguneko bisitak %56 igo dira, eta iazkoekin alderatuta, %75.
Ikusitako orrialdeak, berriz, 6.232.868 izan dira hilabete osoan TOKIKOMeko webguneetan. Horrek %19ko igoera dakar martxoko datuarekiko, eta %98koa 2019koarekiko.
Gertuko informazioa inoiz baino beharrezkoago bilakatu den honetan, toki komunikabideak ahalegin eta sakrifizio handiak egiten ari dira komunitatearekiko konpromisoari eutsi eta gizartea ondo informatuta mantentzeko eta, datuok argi adierazten dutenez, publikoak asko estimatzen du ahalegina.