Toki komunikabideen sektorea inoiz baino biziago dabil Koronabirusaren eraginez alarma egoera ezarri zenetik. Itxialdiak gure egunerokotasunari eta gertuko inguruneari eragin dion neurrian, herritarrok gertuko errealitate horri buruzko informazio bila jo dugu, gure eguneroko erabakiak hartu ahal izateko informazio praktiko bila. Horrek toki komunikabideen kontsumoa zein erredakzioen lan-zama biderkatu egin du.
Informatzen jarraitzeko konpromiso eta ahalegina
Toki komunikabideek tinko eutsi diote jarduerari eta gertuko komunitatearekiko konpromisoari. Egun konplikatu hauetan, ahalegina biderkatu dute bizilagunak zehatz eta puntual informatuta, eta entretenituta ere edukitzeko. Horixe delako haien bokazioa, noski, baia gainera legez ere behartuta egon direlako: alarma egoeran jarduera ekonomiko gehienak geldiarazi diren bitartean, komunikabideak zerbitzu esentzial gisa hartu dira hasieratik, eta beraz lanean jarraitzera behartu.
Lanean jarraitzeko konpromiso eta legezko betebehar horrek zailtasun teknikoak eta kostuak ere biderkatu ditu: langileak, elkarrizketatuak eta erabiltzaileak babesteko neurri eta protokoloak, kalean kazetaritza zein banaketa lanak egiten ibiltzeko zailtasunak… Ezohiko egoera honetan informazioa jasotzen eta hedatzen jarraitzeko konpromisoak irudimen handia eta ahalegin fisiko eta ekonomiko erraldoia eskatzen ari da. Baina sektorea oso harro dago lortutako emaitzekin, eta publikoak emandako erantzunarekin: TOKIKOMeko toki komunikabideen interneteko kontsumoa, adibidez, %97 hazi da 2020ko apirila 2019koarekin alderatuz gero, eta %62 krisia hasi zenetik. Ondo egindako lanaren adierazgarri argia, zalantzarik gabe.
2.532.720 euroko galera
Harro eta pozik egoteko motiborik ez da falta toki komunikabideen sektorean, baina egoera luzatu ahala, kezka ere areagotzen doa. Ahalegin, lan-zama, kostu eta informazio eskaera gehigarri hau toki komunikabideen diru-iturri propioen inoiz ez bezalako murrizketarekin batera iritsi da. Tokiko jarduera sozial, ekonomiko eta kulturala erabat geldituta, komunikabideon publizitate eta zerbitzu salmentak egun batetik bestera desagertu dira. TOKIKOMek bazkide dituen 25 entitateen artean egindako ikerketa baten arabera, martxotik abuztura %72 murriztu da batez beste toki komunikabideen fakturazioa, kasu askotan %80ra ere iritsiz. Berez oso oparoa ez den egoera normaleko lan karga eta kostuak biderkatu egin dira egunotan, eta diru sarrerak berriz, betikoen laurden bat izatera ere nekez iristen ari dira. Eurotara ekarrita, aurreikuspena da toki komunikabideek 2.532.720 euroko diru sarrerak galtzea abuztura bitartean, publizitatean eta bestelako komunikazio zerbitzuetan izandako murrizketen ondoren. Irailetik aurrera zer eta nola etorriko den ere ez dago jakiterik, baina ezin optimista izan.
Erakundeen eta gizartearen babesa
Gauzak horrela, sektoreak bizi duen egoera agerian utzi nahi du TOKIKOMek. Proiektu askoren biziraupena kolokan dago une honetan, 50 egun hauetan diru-sarrerarik gabe baina inoiz baino lan gehiagorekin aritu eta, are gehiago, legez ere ‘zerbitzu esentzial’ gisa jo ondoren.
Beste hainbat sektorek bezala, toki komunikabideenak ere erakundeen eta gizarte osoaren babesa beharko du datozen garaiotan, esentzialtasun hori garai txarretan eta hobexeagoetan ere aitortzeko. TOKIKOM erakundeekin elkarlan estuan dabil babes horri forma zehatza emateko ahaleginetan. Hainbat bidetatik etor liteke babes hori: publizitate instituzionala egiterakoan Google, Facebook eta Twitter bezalako multinazionalen gainetik lehenetsiz, publizitate kontratazioa hobari fiskalen bidez sustatuz, diru-laguntzen justifikazioetan malgu jokatuz…
Gizarteari, berriz, toki komunikabideak egiten ari diren lana ondo gogoan hartzeko eskatu nahi diogu. Egunotan haien bidez jakiten ari gara zein dendatan eros dezakegun eta zeinetan ez, noraino iritsi gaitezkeen pasioan, gure udalak zein zerbitzu duen martxan eta zein ez, nola parte hartu herriko elkarte eta ekimenetan… Informazio eta zerbitzu garrantzitsua da hori, sarritan behar bezala baloratzen ez dena.