Lan horren berri zergatik ez diguzue eman? Fruiturik eman al du lan horrek? Guk dakigun bakarra da enpresako kontuak auditatzeko eskaera egin geniola Jaurlaritzari, uste baikenuen kontuak manipulatu zituztela, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso. Erantzun ere ez, aizu.
Gure egoeraren erantzule bakarra Candy multinazionala eta multinazionalei edozer egiteko aukera ematen dien legedia da. Dirua eman inolako bermerik eskatu gabe. Eta langileok egindako borrokari esker berrindustrializazio prozesu baterako aukerak lortu genituen. Diputazioak eskaini zuen alternatiba bat, bide posible bat, azkenean gauzatu ez dena. Horrelako planteamenduak deslokalizazio prozesuetarako egokiak direla pentsatzen jarraitzen dugu. Eta horretan guztiorretan, langileok genuen azken hitza; hau da, langileok genuen azken erabakia edozein proiektu onartu-baztertzeko.
Langileok gure auziaren erabilpena salatu genuenetik, zuek izan zarete medioetan agertu zareten bakarrak, eta zure idatzia bera da Candyko auziaren erabilpen politikoaren adibide garbiena.
Hala ere, oraindik Bergaran lanpostuak lortzeko itxaropena mantentzen dugu. Horretarako, beti esan duguna berresten dugu: guztion elkarlana, guztion konpromisoa beharrezkoa da. Zuena ere bai.
----------
Txus Markez
Bergara