Mamu horiek eragiten duten bultzadetara mugiarazi nahi gaituzte, ziurgabetasun giroa sortuz. Horrekin batera, komeni da gogoratzea hori guztia egosten den Nazioarteko Diru Funtsa bezalako tokiak urrun geratzen zaizkigula.
Egunerokotasunak asmo handirik gabeko pozak ekartzen dizkigu; horietako bat abuztuan herrian dagoen lasaitasuna eta sosegua da. Jende gutxi egoten da, eta hortaz, hiri-altzariak nabarmentzen dira giro horretan.
Herriko hainbat tokitan ondo zainduta dagoela nabarmentzen da; beste batzuetan, ordea, kontrakoagatik. Ez naiz ñabarduretan sartuko, baina berria zenean ezin hobeto bazegoen ere, gutxieneko mantenu sistematikoa ezinbestekoa dela ematen du.
Degradazio horren atzetik eguraldia, erabilera edo bandalismoa egon daiteke; horrek kostu ekonomikoa eragiten du, gugandik gertuago dagoena. Guztion artean ordaintzen dugu, eta hortaz, guri modu onean mantentzea dagokigu, eta Udalari kudeaketa.
Horrekin guztiorrekin zainduago dagoen ingurunea sortzen dugu; hori, baina, guztion parte-hartzearekin lortzen da, norbaitek zerbait txarra egiten ari dela beste alde batera begiratuta ez dugu ezer lortzen. Erretiratuta gaudenok, denbora baldin badugu, hobetu daitekeena dagokionari esan beharko genioke. Ondo zainduta dagoen inguruneak poza eragiten du; kontrakoa etsigarria da.