Urteak dira Jardunen bitartez herriko haur, gazte zein helduek egiten dituzten txorimaloak erakusgai izaten ditugula kalean. Tradizio bilakatu da. Aurten, 24. edizioa jarriko da martxan. Euskal kulturaren parte da, eta, dakigun bezala, baratzeetan edo soroetan txoriak uxatzeko jartzen da, landatutako haziak edota fruituak txoriek ez jateko.
Kulturari, kuadrillen edo lagun taldeen arteko harremanei ere erreparatu behar zaie. Orduak eta orduak lagun artean edo kuadrillan txorimaloa egiteko. Txoko preziatuenak etxeak eta garajeak izaten dira, eta, txorimaloarekin batera, kartulina zuri baten, talde bakoitzak asmatu duen euskararen inguruko esaldi edo bertso txukun bat eramaten du. Euskal kulturaren parte delako, lagun artean momentu atseginak pasatzeko aukera ematen duelako, esperientzia berriak bizitzen direlako, euskara maite dugulako… horrelako ekintzekin jarraituko dugu. Etorkizunean, kuadrilla ezberdinek egindakoaz oroitzapen politak izaten dituztela entzuna izan da. Oroitzapen horiek denok izan ditzazuen, txorimaloa egitera animatzen zaituztet.