Oraingoan badator berriz Euskal Herritik, herriz herri, hamaika eguneko korrikaldia. Tipi-tapa, pausoz pauso euskararen aldeko oihua barreiatzen duena. 20. Korrika, Zirkorrika abestiaren laguntzarekin, animatua, poztasuna eta indarra ematen duen abestia eta mezu argia helarazten duena.
Goiz eta gau, haur, nerabe, gazte eta helduak kilometroak eginez. Badator! Han furgoneta! Horiek guztiak berriz ere biziko ditudala badakit, barrenak mugituko zaizkit eta pauso bat beste baten atzetik jarriz, kilometroak egiten joango gara ekintza honetan sinisten dugun euskaltzale guztiok. Herri honetako gizarte mobilizaziorik handiena da zalantza gabe eta modu ikusgarrian, herri honetako hizkuntzak munduan bere lekua izateko eskubidea duela esanez. Euskara, mundura eta arlo guztietara zabaltzeko. Oraindik ez dakit zenbat Korrika izango ditugun aurretik baina 20. edizioko leloa dut gogoan: Bat Zuk. Zuk lagunduko duen Bat hori izan nahi baduzu, Bat gehiago izango gara eta Batzuk handiagoa osatuko dugu.