Dagoeneko Euskal Herriko haur, nerabe, heldu… egunerokoan murgilduta gaude. Nire txikiek ere ikastolako lehen eguna izan dute gaur. Urduritasuna, alaitasuna, udan ikusi ez dituzten laguntxoak ikusteko irrika… eta momentu berean, nagusiena arduratuta. Ziklo aldaketa, irakasle berria eta etxeko lanen ardura. Inork berari ezer esan gabe bere burua bueltaka hasi da. Norbaiti entzungo ziola argi dago… Ez baditut ondo egiten? Asko egin beharko ditut?
Handitzen, bai, handitzen dabil, eta inguruan entzuten duenak ere arduratzen du. Zer esan guraso batek honen inguruan? Nola lasaitu? 6 urtetxorekin etxeko lanak baino zerbait gehiagotan pentsatu beharko luke, ezta?
Zorionez, azken hilabeteetan artikulu ugari irakurri ditut etxeko lanen inguruan, eta gehienak kontrako iritziarekin. Agian, ikasleak gainkarga hori jasaten du eta ez dauka zertan, eskola barruan egiten dena eta egiten den modua aldatzea izan ahal da aukera. Honekin batera, haurraren denbora librea murrizten dugu, familiarekin egoteko denbora murrizten da; ikasteak haurrarengan interesa piztu behar du eta etxeko lanekin kontrakoa lortzen dela uste dut.
Handitzen doa bai… baina oraindik ere jolastea, ondo pasatzea… izan beharko litzateke bere ardura handiena. Lanak, lanak heltzen dira eskatu gabe ere. Gozatu eta asko jolastu! hauek izan dira gaurko egunean agurtzeko azken hitzak.