... gutxi dira, batez ere adin batetik aurrerakoak. Kirola egin eta txapelketa desberdinetan parte hartzea gustatzen zaigun emakumeak egonda, zergatik ez dugu talde informal bat sortzen elkarri animatzeko? Donostian eta Elgoibarren Triku izeneko kirol taldea sortu berri dute. Horrelako zerbait falta zaigu Oñatin.
Eliteko kirola egitera iristen ez garen emakumeak, markak haustearekin amestu ere egiten ez dugunak, baina lasterketetako giroa, jende berria ezagutzea, proba bukaerako tertuliak, sari banaketa....izugarri gustuko ditugunak elkartu egin beharko ginateke. Zenbat aldiz komentatu edo entzun izan dugu taldean korrika egitea askoz errazagoa dela edo lasterketetara ondo pasatzeko asmo hutsarekin joan beharko ginatekeela? Gero, ordua iristen denean, beldurragatik, lotsagatik edo bakarrik ez joateagatik, etxean gelditzen gara. Gure erritmora joatea axola ez zaion mutilen bat aurkitzen saiatzen gara eta, azkenean, senarrarekin, mutil-lagunarekin edo anaiarekin joaten gara.
Gaurko nire proposamena hauxe da: zergatik ez elkartu? Horrela, elkarri lagunduko genioke entrenamenduetan, gure neurriko irteerak eginez, ordutegi desberdinak proposatuz… Zergatik ez gara animatzen?