Gehiago zehaztu eta zabalduko nuke nik errealitate hau, ordea. Jakin gabe hitz egitea munduko kirol olinpikoa da! Badakizue, globalizazioaren eraginak lurraren izkina guztien homogeneizazioa dakar eta. Baina ez dut globalizazioari buruzko azterketarik egingo, gaur. Batez ere, arduratzen nauen kontua beste bat da: zergatik hitz egiten dugu jakin gabe? Zer du postmodernismoak jakitearen aurka? Erantzun ugarik azaldu ahal izango lukete egungo munduaren eta ez-jakitearen arteko babes-kontratua edota elkar laguntza.
Inteligentziari buruzko artikulu zientifikoek ziurtatzen dute duela mende batzuetako gizakiak egungoak baino inteligenteagoak zirela. Indar produktiboak inoiz baino garatuak dauden sistema honetan, beraz, zerbaitek huts egiten du. Ez-inteligente nahi gaituzte batzuek, agian.