Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleen ordezkariek herrian skate park bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zioten Bergarako alkate Jaione Isazelaiari eta hezkuntzako zinegotzi Leire Iruini. Azken bi hilabeteotan garatutako lana da, diziplinarteko proiektuetan oinarritutako metodologiaren baitan egindakoa. Aipatu metodologiak arlo akademiko desberdinak barne-hartzen dituela kontuan harturik, ugariak izan dira proiektu honen bitartez landutako gaitasunak.
Laneko fase desberdinak azaltzearekin bat, irakasgai guztietan ikasitakoa ere azaldu zieten ikasleek gobernu lokaleko kideei. Azken horiek arretaz entzun zituzten azalpen guztiak; are gehiago, proiektua hobetze aldera zenbait proposamen egin zizkieten. Ikasleak eskolara pozik itzuli ziren arren, karpetak etxeko lanez beteta eraman zituzten udaletxetik.