Zenbait hilabete lehenago heldu zioten gaiari ikasgeletan; izan ere, tradizio luzeko ospakizuna lantzen jardun zuten maila desberdinetan. Gainera, eguna gerturatzen zihoan neurrian, zaharrenek beraien ezagutza partekatu zuten gaztetxoenekin, betiko jolasak erakutsi baitzizkioten.
Prestaketak prestaketa, ezin begirada zerutik baztertu. Eguraldi aldetik aste gorabeheratsua eginagatik ere, egubakoitzean euriak jaia ez zapuzteko esperantza zuten haur zein irakasleek eta, zorionez, hala izan zen. Goizeko klaseen ostean, arratsaldeko 15.45ean eskolako kide guztiak Haur Hezkuntzako eraikinean elkartu ziren.
Eskolako atezainak danbolina martxan jarri eta gaztainak egin zituen, gazteenek prozesua zuzenean ikus zezaten. Bien bitartean, bertara hurbildu zen gaztaina-saltzaileak egindako gaztainak dastatu zituzten ikasle guztiek. Mokadu eta mokadu artean abesteko tartea ere izan zuten.
Arratsaldeko 16.30ean ikasleen senideak batu ziren ospakizunera eta, eguraldia lagun izanik, 18ak arte egon ziren bertan. Egun eder bat igaro ostean, datorren urtera arte agurtu zuten Gaztainerre Eguna San Martin Agirre Eskolako 526 ikasleek.