Ama, ahizpa, senarra eta laurok, zaintzaile. Gaixoa, nire aita. Oso une gogorrak bizi izan genituen han. Gure aitaren bizitza nola itzaltzen zen ikusi behar izan genuen. Ez zuen sufritu; azken lau egunak lasai egon zen, arnasketa gero eta mantsoago, gero eta lo sakonagoan murgiltzen. Bizitzaren legea izango da, baina gogorra da bertatik bertara bizi izatea egoera hori.
Hala, Arrasateko ospitaleko hirugarren solairuko langile guztien profesionaltasuna, babesa, maitasuna, enpatia eta goxotasuna eskertu gura dut. Eskerrik asko nire aita, familia eta ni neu ezin baino hobeto zaintzeagatik. Hain ondo egindako lanak bizitako une txarrak eramangarriago egiten ditu.
Beti pentsatu izan dut kalitatezko osasun publiko duin eta unibertsalaren alde lan egitea beharrezkoa dela, eta sei eguneko egonaldi honen ostean are sutsuago defendatzeko arrazoiak ditut.
Izarretan elkartuko gara, aitta.
----------
Saioa Ojanguren Ojanguren
Arrasate