Oso arraroa da, baina udal arduradunek hori ere lortu dute. Atracciones Sanzeko arduradun Juan Pablo Sanzek oso ondo azaldu zituen zergatiak Goienan.
Sanjuanak eta Arrasaten egiten diren ospakizun ofizialak ez ditut gustuko. Arrotz samar sentitzen naiz, bertakoa ez banintz moduan. Herrikideak dibertitzeko manerarekin ez dut konektatzen, eta ez dut inongo gogorik izaten proposatutako ospakizunak ikusteko; are gutxiago, parte hartzeko. Salbera joan nintzen eta hotz utzi ninduen; danborradari ez diot kenduko balio terapeutikoa, baina aspergarria egiten zait; errementari dantzaren mugimendu errepikakorra kooperatibetako kateko lanaren gorazarrea iruditzen zait; pistolarien kantu afarira ez naiz joan; buruhandien desfileak nafar erdaldun sentiarazten nau; eta pilota partidu bat ikusteagatik ez dut sekula pagatuko. Txosnetara ez naiz joaten, baina pankartetako aholku eta aginduekin ez nintzen eroso egongo.
Poz handia ematen zidana zen Atracciones Sanzen entzuten nuen euskal musika. Baina, ai! Duela bost urte, Udalak jartzen zizkion trabengatik, etortzeari utzi zioten. Lerro hauek balio bezate Atracciones Sanzi eskerrak emateko.