Aldaketa hori oroimen historikoaren izenean egin dute. Hau da, Udalaren iritziz balioetsi behar duguna ei da emakume horien ahalegina, eta ez Castillako erregearena. Baina lehenago ere herrian izan ditugu andrez bakarrik osoturiko zerbitzu enpresak; esaterako, mojen ikastetxe, parbulario edota ospitaleak. Hamazazpien meritutzat ere aipatzen da ezkondu ondoren lanean jarraitu zutela, frankismoak inposatutako legeari kontra eginez.
Oroimen historikoa hobeto landu behar da eta Wikipedian begiratzea nahikoa da jakiteko emazteak etxetik kanpora lan egiteko baimena 1889ko Espainiako Kode Zibileko arau bat zela, eta ez frankismoaren inposizioa. Baimen hori, gainera, Franco bizirik zegoela kendu zuten. Bestalde, andre horien ekimena goraipatzeko "historiaren norabidea" aldatu zutela esatera ere ausartu da Udala. Gauzak horrela kontatzea ez da historia. Funtsean, izena aldatzeko emandako azalpena ipuintxo bat baino ez da. Andre horiek ez zuten ezer berezirik egin, eta horietako batzuek, lanik ere ez Auzo Lagunen.