Zubi horren eraisteak sekulako sumindura eragin zuen Mondragoen. Etxezarretako zubia –nire iritzian, interesgarriagoa– ere bota zuten, baina horrekin inor ez zen haserretu. Uribekoarena salatzeko Arrasateko elite kultural eta politikoak esandakoaz akordatu naiz: XVII. mendeko zubia zela, eraisketa modu maltzurrean egin zutela oporren hasiera aprobetxatuz, izan ziren deitoratu zutenak erabakia Udal Gobernutik kanpo hartu izana... Baina zubiaren berezko balioaz edo edertasunaz, ordea, inork ez zuen ezer esan.
Asuntoa izan zen LKSko arkitektoen txostenean Uribeko zubia zela babestu beharrekoa eta Uribe baserrikoa, aldiz, erabilera bakoa zela, balio eskasekoa. Eta hala, zinbriazko zubi zaharra babesik gabe geratu zen eta hormigoizko berria babestuta. Konfusioa ala maltzurkeria? Nik neuk ez daukat erantzunik, ez baitut ulertzen Arrasaten dagoen irizpidea zaindu beharreko ondareaz. Elmako Dorrea zergatik dago egoera penagarri horretan? Eta zergatik egin da halako ahalegin ekonomikoa Zerrajerak utzitako ale itsusienak berriztatzen?